0

“Nola heldu naiz ni honaino” Kattalin Miner

Posted by on 2017(e)ko maiatzak 10 in Sailkatu gabea |

Otsailaren bukaeran euskarazko liburu bat erosten saiatu nintzen, baina aurtengo bi liburu bakarrik zeuden argitaratuak: Kattalin Minerrena eta Ana Malagonena. Poztu nintzen, emakumezkoak izugarri gustatzen zaizkit, zer edo zer berezia daukatelako, nire ustez.

Bestalde Kattalin jadanik ezagutzen nuen, behin baino gehiagotan Argia aldizkarian idazten duelako. ‘Nola heldu naiz ni honaino’ bi aldiz irakurri dut. Bigarrenean hobeto ulertu dut mamia eta gustukoa izan dut, batez ere bere estilo ironikoagatik eta pertsonaia nagusiagatik.

Izan ere, pertsonaia nagusia, Jezabel, ikuspuntu psikologikotik oso ondo dago deskribatuta. Bere beldurrak, bere zalantzak , bere gabeziak eta bere bertuteak nabarmenak dira. Lucíak lagun leial bat bezala jokatzen du, nahiz eta haien arteko erlazioa jada bukatuta egon.

Hala eta guztiz ere, Kattalin Minerrek ez du aipatzen soilik Jezabelen bizitzako hainbat zati, ezpada Ane Sagarzaren desagerpena, zeina pertsonaia nagusia obsesionatzera heltzen den.
Pertsonaia nagusia, Jezabel, lesbiana izatea ere aipatzekoa da. Baita eskertzekoa ere, horrelako pertsonaiak ez dira sarritan ikusten euskal literaturan, eta gainera honek lesbiko taldearen ikuspenari laguntzen dio.
Beste aldetik, Kattalin Minerrek honakoa idazten du 89. orrialdean: “Mundua ez da ezkertiarra, ez modernoa are gutxiago feminista”.

Eleberria lantokiko kafe makinaren aurrean hasten eta bukatzen da. Bitartean, irakurleak bakardadearen, heriotzaren, bizitzaren eta feminismoaren gaineko hausnarketez gozatuko du, asko.

0

“Alsina” Xabier Mendiguren

Posted by on 2017(e)ko urtarrilak 24 in Sailkatu gabea |

Epilogoan, Xabier Mendigurenek izkiriatzen duen moduan “1997an eleberri hau idazten hasi zen. Bi istorio lotu nahi zituen: Alsina itsasontziarena,1941ean eta bestea 1981eko otsailekoa. Arazo horrek irtenbide errazik ez zeukanez, bertan behera utzi zuen proiektua orain arte”.
Gauza antzekoa niri gertatu zitzaidan. Gogoz irakurtzeari ekin nion, baina 93. orrialdean blokeatu egin nintzen. Dena den, jarraitu nuen argudioa eta estiloa laket nituelako. Eskerrak 175an plazera berreskuratu nuen.


Oso liburu konplexua da, estilo originala baino originalagoa erabiltzen du-eta. Adibidez, bi itxura dauzka: lehenengoak forma tradizionala du, kontalari bat dago Alsinaren istorioa kontatzen; bestea eztabaida modukoa da baina protagonistek ez daukate izenik, ezpada A et B. Gainera, gai asko aipatzen dira eleberri honetan: gerra zibila, bigarren mundu gerra, film batzuk, besteak beste Casablanca, futbola, hainbat filosofo: Aristoteles, Socrates eta abar.
Nire aburuz, liburuak erritmoa berreskuratzen du Telesforo Monzonen bizitza idazten denean. Handik aurrera testua animatu egiten da 1981eko ekintza kulturalak eta politikoak agertzen direlako.

0

“PERLAK, KOLPEAK, MUSUAK, TRAIZIOAK”

Posted by on 2015(e)ko uztailak 22 in Sailkatu gabea |

 

Egilea: JOXEMARI ITURRALDE

 

9788476818886

Joxemari Iturralde ez da idazle berri bat, besteak beste, ipuinak,eleberriak eta gazte literatura idatzi baitu. Ezagun da idaztea duela ofizio, eta bere estiloa ere nabarmentzekoa da

Haren azken lanaren aurkibidea begiratzean,  atal guztiek emakume  izenak zeuzkatela konturatu nintzen. Adibidez: Mireille, Simone, Rosarito, Zezilia… eta abar. Horregatik, uste nuen andereei buruzko kontakizunak zirela. Hala ere, okertu  egin nintzen. Emakumezko horiek guztiek  izan zuten nolabaiteko harremana Paulino Uzkudurekin.

Izan ere, eleberri hau bukatzean desengainu handia hartu dut, bakarrik boxeolariaren inguruko istorioa baita. Beraz  nahikoa aurreikusteko   moduko istorioa.Gure pertsonaia lehiaketaz lehiaketa   eta hainbat emakumerekin ospatzen du bere arrakasta. Hori ia kapitulu guztietan gertatzen da.

Gertatzen den garai historikoari buruz, hain zuzen 1933.urtearen inguruan, ez du inolako kritika sozialik egiten. Apur bat etsigarria.

 

P.S. Ez dut ulertzen nola eduki duen Paulino Uzkudun boxeolariak hainbesteko eragina euskal idazleengan. Bernardo Atxagak berak ere idatzi zuen haren gainean bere eleberrietan: “Soinujolearen semea” eta “Nevadako egunak”, alegia.

Nire aburuz, badaude askoz interesgarriagoak eta konprometituagoak diren pertsonaiak: La Pasionaria, Ernerstina Charpoucin, Bizenta Mogel edo Isaac Puente, besteak beste.

 

0

“ATERTU ARTE ITXARON”

Posted by on 2015(e)ko maiatzak 27 in Sailkatu gabea |

Zelako harridura izan den Katixa Agirreren azken liburua! Jada “Sua falta zaigu eta “Habitat” irakurrita neuzkan,baina nahiz eta nire gustukoa  izan, apur bat gainazalekoak iruditu zitzaizkidan.

Liburu hau irakurtzean Joyceren Ulise gogora etorri zitzaidan, atal bakoitza ezberdina baita  eta estilo propioa baitu; batzuk poetiko-poetikoak, beste batzuk egunkariaren artikuluak, bat edari baten errezeta eta beste bat eguraldiko partea dira.

Hori dela eta irakurleoi hasieran argudioan sartzea kostatzen zaigu. Baina bidaiari ekin bezain laster, hogeita hamar orrialde irakurrita gutxi gorabehera, testuak harrapatzen zaitu eta ezin duzu utzi amaitu arte. Hori nire eskarmentua izan da, behintzat.

Izan ere, Aztertu arte itxaron bikotekide perfektuaren kontaera da. Hori esan zuen Katixa Agirrek Gasteizko liburu17059275699_08953c36f4aren aurkezpenean. Hala ere, bitartean, hainbat gai eta egile aipatzen dira, besteak beste:Etxepare,Benjamin Britten, Ingalaterrako  musikagilea, Rotchman, Chagall, Galileo,Leonardo da Vinci…

Katixa Agirre musika zalea dela nabaritzen da.Hala, lehenengo  bikotekidearen hitzorduan flamenko eta jazzaren artean aukeratu behar dute. Aldi berean, musikari ugari, Purcell, Gustav Mahler, Shuman, Chano Dominguez, Bach, Monteverdi, Scarlatti eta abar aipatzen dira eleberri honetan

Kritikari batzuentzat  road eleberria da testu hau: bikote  protagonistak  Euskal Herriaren zehar bidaia bat egiten du, bigarren maialako errepideak beti hartuz. Aitzakia ederra da hemengo leku izugarriak guri erakusteko. Hala ere, benetako gaia ez da hori, baizik eta martxoaren 11,  Gasteizko martxoaren borroka edo presoen egoera.

Estiloari dagokionez, behin baino gehiagotan, oso esaldi motzak erabiltzen ditu Gasteizko idazleak. Horrela 1. Atalean 7 lerrotan aurki daitezke 13 esaldi.Bestalde, eleberria telegrama bat izango balitz bezala  hasten da :Restop.Restaurante.El Figon. Travel Club. Club La Boheme.. Peaje. Toll.

Testu landuta eta biribila balioesten ari garena.  “Oraindik gauza asko kontatu behar dizkizut” Oso bukaera originala eta irekita. Egongo al da bigarren zati bat? Hala bedi!

0

“UKABILAK ETA LOREAK”

Posted by on 2015(e)ko apirilak 22 in Sailkatu gabea |

Zortzi  ipuinek osatzen dute “Ukabilak eta loreak”. Guztiek heriotzaz jarduten dute sakon edo azaleko eran.

 

Lehen atala, “Oso gauza ohargarria”, original samarra iruditzen zait, pertsonaia nagusiari gustatzen zaiolako jendeak eskailerak igotzeko duen modua. Gainera, existentzialista kutsuko idazkera dauka: ”Ez dago salbaziorik, ez munduan, ez mundutik kanpo (ez politikan, ez erlijioan)”.

 

Bigarrena, “Gauaren altzoan”, nostalgikoa eta malenkoniatsua da, zeren eta haurtzaroko oroitzapenei buruzkoa da.

 

“Aitaren izenean” delako istorioa Donostiako zinemaldian jazotzen da. Atal honetan aitaren heriotza aipatzen da.

belamuno--575x323

“Ukabila eta loreak”, laugarrena, boxeolarien ingurukoa da. Julen Belamunoren arabera, “Bizitzan ere gauza bera gertatzen duk. Boxeoan bezala. Dena duk borroka, baina buruarekin borrokatu beharra zagok”. Hala eta guztiz ere, protagonista ez da boxeolaria, ezpada lore denda batean lan egiten duen emakumea, Marta hain zuzen ere.

 

“Bizitzaren zentzua” irakurtzean Kontakizun basatiak  Argentinako filma etorri zitzaidan burura. Izan ere, hogeitaka urte zeramatzan protagonistak administrazioan lanean gau batean paperen gainean lokartu eta dena kiskalita geratu zenean.

 

Gehien atsegin izan dudana “Txarrena opa” izan da, azken-aurrekoa. Irratiko saio batean entzuleek galdera honi erantzun behar diote: “Nolako heriotza opa diozu zure etsairik handienari?”.

 

Pentsa daiteke heriotzaren gainean aritu direnez  ipuin guztiak goibelak direla, baina ez, ikuspuntu ironiko batetik idatzita daude. Hori dela eta gozatu dut liburu hau irakurtzean.

 

Copyright © 2012-2019 Lantzeak All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.