0

“Ene baitan bizi da” Maddi Anne Txoperena

Posted by on 2020(e)ko abuztuak 24 in Liburuaren balorazioa |

Testu honek bi istorio paralelo ditu. Batetik, amona Josefinarena eta, bestetik, haren biloba Marierena. Eleberria Paristik Donibane Lohizunerako bidaia batekin hasten da, eta Donibane Lohizunetik Parisera itzultzean amaitzen da. Bitartean, Mariek hiru hilabete eman ditu Iparraldean amonaren iragana ezagutzeko, Juleni ahaztu egin dio Montparnasseko geltokian ez zuela agur esan nahi izan, aitarekin topo egin du eta hainbat esperientzia bizi izan ditu.

Bai Josefina eta bai Marie Parisen bizi izan dira, baina oso modu ezberdinean: Josefina neskame bezala eta Marie ikasle gisa, logela propioa duela. Hala eta guztiz ere, Josefinaren bizitza oso zaila eta konplikazioz betea bada ere, Marierena ez da erraza. Lan bat aurkitu behar du uda horretan bizimodua atera ahal izateko, amaren haurdunaldia onartu behar du bikotekide berriarekin eta aitaren iragan politikoa onetsi behar du.

Hori guztia bost kapitulutan kontatzen du Hendaiako idazleak, esaldi laburrak eta elkarrizketa asko erabiliz. Liburua onomatopeiez ere beteta dago, kontakizunari sonoritate berezia ematen diotenak. Iparraldearen esapideak eta egiturak ugariak dira, baina horrek ez du irakurketa zailtzen, aitzitik, ulerkorragoa eta atseginagoa bihurtzen da.

Egilearen lehen eleberria den arren, ofizioa eta hizkuntza menderatzea nabari zaizkio. Horregatik gomendatzen dut hori irakurtzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Copyright © 2012-2020 Lantzeak All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.