0

“Etxeak eta hilobiak” Bernardo Atxaga

Posted by on 2019(e)ko azaroak 20 in Liburuaren balorazioa |

 

Etxeak eta hilobiak           “Soinujolearen semea” (2003) idatzi zuenetik, hau da Atxagaren eleberririk onena, nire aburuz. “Zazpi etxe Frantzian” (2009) ez zitzaidan asko gustatu eta “Nevadako egunak” ez zen nobela bat, Renon igarotako urteko egunkari bat baizik.
Testua sei atalez osatuta dago. Istorioak ezberdinak diren arren eta gertaera desberdinak jazo, pertsonaiak nagusienak -Elias, Martin eta Luis- errepikatzen dira. Begizta fin batek lotzen ditu kapitulu guztiak.

Izan ere, oso liburu borobila izkiriatu du Asteasuko idazleak. Lehenengo atala Eliasekin hasten da. 14 urteko mutila da eta mutu bihurtu da Frantzian hilabete bat pasatu eta gero, Pauen hain zuzen ere, Beau frêne ikastetxean. Dirudienez, abusu sexualak pairatu zituelako. Haren osabaren etxera joaten da bi lehengusurekin, Martin eta Luis denbora pasatzera.
Azken atalburuan, Elias, jada heldua, Tejasen bizi da. Luis Euskadiranz abiatu da bere iloba, Martinen alaba, Garazi bisitatzera, peritonitisak jota dela eta. Tejasera itzultzerakoan Eliasekin, bikiarekin elkartzen da mutil bati, Andoniri, eta familiari laguntzeko.

Bitartean, pertsonaia ezberdinak leku ezberdinetatik paseatzen dira. Hala, bigarrenean Pardoko basoan gertatzen da istorioa, eta protagonistak soldaduska egiten ari dira. Aldiz, hirugarrena eta laugarrena Iparralden. Bosgarrena Eliasek Tejasen egindako telebista saio bat da. Guztietan Atxagaren unibertsoa agertzen da: tximeletak, soinujolea, txoriak… Batzuek, bigarrenak bezala, errealismo magiko ukitua dute. Guztiak Verlaine, Bertold Brecht, eta antzeko idazleen esaldiekin apainduak.

Baina Atxaga ez da bakarrik idazle ona, baita bere garaiarekin konprometitutako pertsona ere; izan ere, testu honetan tortura bezalako egoera latzak salatzen ditu, Euskadin jazotako gertakari lazgarriak, era guztietako ikuskizuna egiten duen gizarte kapitalista eta abusu sexualak.

Atxagak, Jean-Paul Sartrek Nobel sariari uko egin zion bezala,Letren Sari Nazionala onartu ez izana nahiago nukeen, baina inor ez da perfektua. Dena dela, nobela luze gehiago ez idazteko egin duen promesa ez betetzea espero dut, horrek eleberri eder eta sakon horiek irakurtzearen plazera saihestuko ligukeelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Copyright © 2012-2019 Lantzeak All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.