“Deklaratzekorik ez” Beñat Sarasola
Irakurri berri dut eleberri hau eta ez dakit zer pentsatu ezta zer idatzi ere, aburu kontraesankorrak baititut. Alde batetik laket izan dut landutako hainbat gai nire gustukoak izan direlako. Adibidez, pertsonaia nagusiak liburutegi batean egiten du lan, eta hau aitzakia ederra da idazle batzuk aipatzeko: Virginia Woolfen ipuinak, Joseph Roth, Jean Echenoz, Benito Pérez Galdós, Victor Hugo… Gainera, Lucia, protagonistaren laguna, Madrilen artearen gaineko masterra egiten ari da Reina Sofiako museoan. Egoera hori baliatzen du idazleak artista moderno asko kritikatzeko.
Baina beste aldetik Sarasola maiseatzaile hutsa da, ez du bat bera ere tente uzten. Gogorregia iruditu zait euskal literaturari buruz 26 orrialdean esaten duen hau: “Oroz gain, aitortu behar du, euskal liburu eta autore gehienek eragiten zioten nagikeria zegoen; guztiak ere gutxi-asko gai eta estilo antzekoz idazten, ez originaltasunik ez talenturik”.