0

“Moio. Gordetzea ezinezkoa izan zen”

Posted by on 2019(e)ko irailak 2 in Sailkatugabeak |

“Eta Maialen Lujanbioren bertsoak, a ze bertsoak!” idatzi du Minerrek 84.orrialdean. “Eta Kattalin Minerren liburua, a ze liburua!” esango nuke nik.

Tamalez, transexualitatearen gaineko testuak eskasak dira euskaraz. Hori dela eta, idazlan hau behar-beharrezkoa da. Ez da eleberria, ezta saiakera ere, kronika bat baizik. Hamar urte igaro behar izan ziren, Moioren buru-hilketari buruz idazteko. Suizidio politikoa izan zela argi eta garbi dago. Baina Moioren heriotzari esker (gogorra da hau idaztea), bai Hernanin, bai Euskal Herrian transgeneroaren gainean hitz egiten hasi zen.

 

Idazleak Hernaniko biztanle batzuekin, batez ere Aimar-Amaiaren senideekin, berba egin du eta haien hausnarketak islatu ditu. Horrek hiru helburu dauzka, bestek beste. Bat, transexualitatearen tabuarekin bukatzea. Bi, buru- hiltzearen gaia aipatzea eta erru sentimendua deuseztatzea. Hiru, Moioren pertsonaia ezagutaraztea. Nik behintzat ez nekien ezer berari buruz.

Hala ere, eskerrak beste transexual batzuek ez duten hainbeste pairatu. Testu hau irakurtzean “Uranoko apartamentu bat”, Paul B. Preciadok idatzitakoa etortzen zait burura. Berak, Moiok bezala (Aimar-Amaia), Paul-Beatriz deitzea nahi zuen, baina ez zioten utzi. Preciado harro-harro dago bere nortasun berriarekin, ia irakurle guztiok ezagutzen dugu bere prozesua eta trantsizioa haren liburuei esker.

Oso liburu gomendagarria. Gaiari buruz idaztea nahitaezkoa zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Copyright © 2012-2019 Lantzeak All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.