0

“Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” Alaine Agirre

Posted by on 2017(e)ko abuztuak 30 in Liburuaren balorazioa |

Alaine Agirreren hirugarren eleberriak hiru zati dauzka. Lehenengoa ‘Lehen erditzea’ da. Parte horretan Bermeoko idazleak narratzailearen amaren istorioa kontatzen digu: bi alaben jaiotza, lehenengoz erditu ondorengo depresioa, senarraren absentzia eta independentea izateko denda bat irekitzeko bere ausardia.

Gehien gustatu zaidana bigarren partea da, ‘Seinalekoak’ izenekoa. Ia atal guztiak “haurra” hitzarekin hasten dira. Protagonistarentzat haurtzaroa infernu bihurtu da: besteak beste, auto-estimu baxua du haurrak, ez dakielako bere sentimenduak adierazten. Bestalde, bere ahizparekiko harremana ez da ona, ez da ongi konpontzen beste umeekin. Baina protagonistak irtenbidea literaturan eta ikasketan aurkitzen du. Zati hau laket izan dut, idazleak pairamena eta oinazea adierazten badaki.

Hirugarren zatia bigarren erditzearen ingurukoa da. Protagonistak kontatzen digu zertan den amaren bigarren erditzea eta haren ondoan egotea, bere gaixotasunarekin. Hemen oso hizkuntza abstraktua erabili du idazleak. Agirrek narratzailearen gaixotasuna modu metaforikoan azaltzea erdiesten du, morborik gabe.

Estiloari dagokinez, esan behar dugu batzuetan esaldi luzeez baliatzen dela, adibidez, 13. orrialdean. Beste ataletan elkarrizketak bakarrik daude. Nabaritzekoa da lengoaiaren aberastasuna: esaterako, Bermeoko euskaraz idatzita dauden hainbat kapitulu, letra etzanaz izkiriatuta.

Elkarrizketa Alaine Agirrek dio eleberri hau ez dela autobiografia, ez autofikzio, ez autolaguntza. Hala ere, nik ez diot sinesten. Bere olerki liburua irakurri eta gero (‘Txoriak etortzen ez diren lekua’) uste dut biografikoa dela.

Testua hain atsegin izan dut, bere aurreko liburuak irakurtzera bultzatu bainau: ‘Odol mamituak’ eta ‘X hil da’.

0

“Poz aldrebesa” Juanjo Olasagarre

Posted by on 2017(e)ko ekainak 24 in Liburuaren balorazioa |

 

Ze liburu original eta interesgarri izkiriatu duen Juanjo Olasagarrek. Originala, bai, testu horren pertsonaia nagusiak bikotekide homosexuala osatzen dutelako eta hori ez oso ohikoa euskal literaturan. Izan ere, ez nuen antzeko zerbait euskaraz irakurri orain arte. Interesgarria, ez bakarrik argudio honengatik, ezpada lekuak zein pertsonaiak oso ongi landuta daudelako.

Eleberria Axi eta Josebaren lehenbiziko topaketarekin hasten da Bilboko parke batean, Artxandan hain zuzen ere. Handik aurrera bikote bihurtzen da, baina 20 urte igaro eta gero Axiri bihotzekoak ematen dionez, memoria galtzen du. Hori dela eta Josebak hausnarketa ezkorregiak egiten ditu. “Bizitza zentzurik gabea iruditzen zait, leku huts bat bezalakoa” (95.orr); edo “Munchen Garrasik pinturaren irudia etorri zaio gogora”, (97. orr.); edo “Bizitza injustua da” (12. atala).

Nabaritzekoa da hainbat deskribapen poetiko daudela. Adibidez, 150. orrialdean honakoa irakur daitek: “Hiriaren argiek halako itzal-argi fantasmala eransten zuten zuhaitzen artekoari”.

Gure protagonistak bai Iruñetik bai Bilbotik ibiltzen dira; bata itzultzailea da, besteak ETB1-en egiten du lan. Horregatik, Felix Linares, Almudena Cacho eta Fermin Etxegoien bezalako kazetari ospetsuak agertzen dira eleberri honetan.

 

Laburbilduz, asko gozatu dut ‘Poz aldrebesa’ irakurtzen, egitura asko ikasi ditut estiloaren aldetik. Gainera, nire aburuz, liburuaren mezua baikorra baino baikorragoa da: Bukaeran, Josebak Axiren sentimenduzko egoera eta burmuinaren narriadura onartzen ditu. Horrek poz aldrebesa esan nahi du berarentzat.

P.S.Adi egon Gasteizen bizi direnak! Ekainaren 29an Iban Zalduak antolatutako irakurleen klubean ‘Poz aldrebesa’ –z mintzatuko dira.

Etiketak:

0

“Nola heldu naiz ni honaino” Kattalin Miner

Posted by on 2017(e)ko maiatzak 10 in Liburuaren balorazioa |

Otsailaren bukaeran euskarazko liburu bat erosten saiatu nintzen, baina aurtengo bi liburu bakarrik zeuden argitaratuak: Kattalin Minerrena eta Ana Malagonena. Poztu nintzen, emakumezkoak izugarri gustatzen zaizkit, zer edo zer berezia daukatelako, nire ustez.

Bestalde Kattalin jadanik ezagutzen nuen, behin baino gehiagotan Argia aldizkarian idazten duelako. ‘Nola heldu naiz ni honaino’ bi aldiz irakurri dut. Bigarrenean hobeto ulertu dut mamia eta gustukoa izan dut, batez ere bere estilo ironikoagatik eta pertsonaia nagusiagatik.

Izan ere, pertsonaia nagusia, Jezabel, ikuspuntu psikologikotik oso ondo dago deskribatuta. Bere beldurrak, bere zalantzak , bere gabeziak eta bere bertuteak nabarmenak dira. Lucíak lagun leial bat bezala jokatzen du, nahiz eta haien arteko erlazioa jada bukatuta egon.

Hala eta guztiz ere, Kattalin Minerrek ez du aipatzen soilik Jezabelen bizitzako hainbat zati, ezpada Ane Sagarzaren desagerpena, zeina pertsonaia nagusia obsesionatzera heltzen den.
Pertsonaia nagusia, Jezabel, lesbiana izatea ere aipatzekoa da. Baita eskertzekoa ere, horrelako pertsonaiak ez dira sarritan ikusten euskal literaturan, eta gainera honek lesbiko taldearen ikuspenari laguntzen dio.
Beste aldetik, Kattalin Minerrek honakoa idazten du 89. orrialdean: “Mundua ez da ezkertiarra, ez modernoa are gutxiago feminista”.

Eleberria lantokiko kafe makinaren aurrean hasten eta bukatzen da. Bitartean, irakurleak bakardadearen, heriotzaren, bizitzaren eta feminismoaren gaineko hausnarketez gozatuko du, asko.

0

“Alsina” Xabier Mendiguren

Posted by on 2017(e)ko urtarrilak 24 in Liburuaren balorazioa |

Epilogoan, Xabier Mendigurenek izkiriatzen duen moduan “1997an eleberri hau idazten hasi zen. Bi istorio lotu nahi zituen: Alsina itsasontziarena,1941ean eta bestea 1981eko otsailekoa. Arazo horrek irtenbide errazik ez zeukanez, bertan behera utzi zuen proiektua orain arte”.
Gauza antzekoa niri gertatu zitzaidan. Gogoz irakurtzeari ekin nion, baina 93. orrialdean blokeatu egin nintzen. Dena den, jarraitu nuen argudioa eta estiloa laket nituelako. Eskerrak 175an plazera berreskuratu nuen.


Oso liburu konplexua da, estilo originala baino originalagoa erabiltzen du-eta. Adibidez, bi itxura dauzka: lehenengoak forma tradizionala du, kontalari bat dago Alsinaren istorioa kontatzen; bestea eztabaida modukoa da baina protagonistek ez daukate izenik, ezpada A et B. Gainera, gai asko aipatzen dira eleberri honetan: gerra zibila, bigarren mundu gerra, film batzuk, besteak beste Casablanca, futbola, hainbat filosofo: Aristoteles, Socrates eta abar.
Nire aburuz, liburuak erritmoa berreskuratzen du Telesforo Monzonen bizitza idazten denean. Handik aurrera testua animatu egiten da 1981eko ekintza kulturalak eta politikoak agertzen direlako.

0

“PERLAK, KOLPEAK, MUSUAK, TRAIZIOAK”

Posted by on 2015(e)ko uztailak 22 in Sailkatugabeak |

 

Egilea: JOXEMARI ITURRALDE

 

9788476818886

Joxemari Iturralde ez da idazle berri bat, besteak beste, ipuinak,eleberriak eta gazte literatura idatzi baitu. Ezagun da idaztea duela ofizio, eta bere estiloa ere nabarmentzekoa da

Haren azken lanaren aurkibidea begiratzean,  atal guztiek emakume  izenak zeuzkatela konturatu nintzen. Adibidez: Mireille, Simone, Rosarito, Zezilia… eta abar. Horregatik, uste nuen andereei buruzko kontakizunak zirela. Hala ere, okertu  egin nintzen. Emakumezko horiek guztiek  izan zuten nolabaiteko harremana Paulino Uzkudurekin.

Izan ere, eleberri hau bukatzean desengainu handia hartu dut, bakarrik boxeolariaren inguruko istorioa baita. Beraz  nahikoa aurreikusteko   moduko istorioa.Gure pertsonaia lehiaketaz lehiaketa   eta hainbat emakumerekin ospatzen du bere arrakasta. Hori ia kapitulu guztietan gertatzen da.

Gertatzen den garai historikoari buruz, hain zuzen 1933.urtearen inguruan, ez du inolako kritika sozialik egiten. Apur bat etsigarria.

 

P.S. Ez dut ulertzen nola eduki duen Paulino Uzkudun boxeolariak hainbesteko eragina euskal idazleengan. Bernardo Atxagak berak ere idatzi zuen haren gainean bere eleberrietan: “Soinujolearen semea” eta “Nevadako egunak”, alegia.

Nire aburuz, badaude askoz interesgarriagoak eta konprometituagoak diren pertsonaiak: La Pasionaria, Ernerstina Charpoucin, Bizenta Mogel edo Isaac Puente, besteak beste.

 

Copyright © 2012-2017 Lantzeak All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.